Cyberia Enea, teknologia berrien erabilera egokiari buruzko blog berria

Etorkintza Fundazioak eta Euskaltel Konekta Fundazioak heziketan, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean eta Informazioaren Teknologietan duten eskarmentua bateratzearen ondorioz, gaur Cyberia Enea jaio da, teknologia berrien erabilera egokiari buruzko blog eskuragarri eta interaktiboa.

cyberiaenea

Adingabe bati zer adinetatik aurrera erosi behar zaio mugikor bat? Komeni al da mugikorrak erabiltzeko arauak jartzea etxean? Ba al dago denbora-muga jakinik neska-mutikoek bideojokoak erabiltzeko? Zer adinetan has daitezke sare sozialetan sartzen? Zer erakutsi behar zaie teknologia horien erabileraz?

Horra familian, lagun artean eta ikastetxeetan sortu ohi diren galderetako batzuk. Hemendik aurrera, teknologia berrien erabilera egokiari buruz jakin beharreko guztia biltzen duen blog batean, Cyberia Enean dituzue galdera horien erantzunak.

Heziketan, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean eta informazioaren teknologietan dugun eskarmentua bateratu dugu Etorkintza Fundazioak eta Euskaltel Konekta Fundazioak, sare sozialei eta teknologia berriei buruzko informazioa eta gomendioak dakartzan blog bat sortzeko: Cyberia Enea.
Hauei zuzendurik dago blog berria: irakasleei, hezitzaileei eta, oro har, gai horrekiko ardura pedagogikoa duen orori, betiere teknologia horien erabileraz eta jokabide arriskutsuez aholku eman diezaieten gaztetxoei.

Etorkintza Elkargotik, blog honekin gogoeta- eta kontraste-gune bat sortzea da gure nahia. Prebentzio-eragile bihurtu nahi dugu gizartea, osasunerako jarrera eta balio egokien transmititzaile; horrekin batera, tresna horiek oker erabiltzeak sor ditzakeen arriskuak garaiz detektatzen lagundu nahi diogu gizarteari.

Euskaltel Konekta Fundazioak honegatik erabaki du proiektu horretan parte hartzea: “Gure eginkizuna delako IKTak euskal gizarte osoari hurbiltzea, teknologia berrien erabilera sustatuz eta haien ezagutza eta erabilpen egokia sustatuz”, diosku Euskaltel Konekta Fundazioko zuzendari Nerea Lupardok. Haren iritzian, erreferentzia-gune bihurtuko da Cyberia Enea, alor horretako jakintza guztia bilduko duen eremua. “Baina ez hori bakarrik” —dio—; “harago jo nahi dugu, eta jendea laguntza eske etortzea ere nahi dugu. Horretarako, baditugu zenbait profesional, aholku eta laguntza emateko prest”.

Psikologian eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan aditu diren zenbait lagun ditu Cyberia Eneak.
Interaktibitatea, eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna, horiek dira Cyberia Enearen hiru ezaugarri nagusiak, euskarri erabat digitalean garatu baitugu proiektua. Ingurumenarekiko arduraz gain, badu nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat ere blogak: zenbait gailutatik sar daitezke Internetera erabiltzaileak. Erraztu egiten du horrek blogaren edukien hedapena eta dibulgazioa, eta harreman hurbila eta noranzko bikoa ezartzen du komunikazio-guneen artean.

Horrez gain, azkar eguneratzen da, eta erabiltzaileei parte hartzeko aukera ematen die. Komunikazio-bide profesionala da; ezagutzak, eskarmentua eta aholkularitza (indibiduala zein orokorra) eskaintzen ditu, bai eta gai delikatu batzuk jorratzeko ezinbestekoa den anonimotasuna ere.
Gaitasun didaktikoa ere badu blogak, jende heldua tresna horiek erabiltzera bultzatzen baitu; lagundu egiten du, horrenbestez, teknologia horiekiko helduek duten mesfidantza eta errezeloa gainditzen.

Cyberia Enea zuen esku dago gaurtik aurrera, beraz, blogera sartzera eta begirada bat botatzera animatzen zaituztegu. Zuen gustokoa izatea espero dugu.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies
%d bloggers like this: