Funtzionatzen duten baliabideak
Gazte eta nerabeekin lan egiten dugunok, ondotxo dakigu zein zaila izaten den sarritan, helarazi nahi dizkiegun mezuak beraiengana heltzea eta hausnarketa eragitea. Are gehiago drogei buruz hitz egiten diegunean.
Tabakoaren kasuan, gazteak nekatuta daude beti mezu berdintsuak entzuteaz, substantzia hau birikietako gaisotasunekin, minbiziarekin, heriotzarekin,…. lotzen duten mezuetaz. Ez dira mezu hauekin identifikatzen, gazteak izanik, eragin hauek oso urrun ikusten baitituzte. Ez dugu ahaztu behar, nerabezaroaren ezaugarrietako bi, orainean bizitzea eta zauritua ezin izatearen sentsazioa direla.
Honengatik guztiagatik, gaurkoan, ikus-entzunezko material bat partekatu nahi izan dugu, gure esperientziaren arabera, tabakoa lantzeko oso eraginkorra delako eta zer pentsa ematen dietelako gazteei.
Gazteekin egiten ditugun esku hartzeetan mota honetako ikus-entzunezko baliabideak erabilita asmatu egin dugula uste dugu, baliabide hauek baitira gehien heltzen zaizkienak; behin beraiengana heltzea lortuta, harkorrago daude, eskainitako informazioa prozesatzeko gai dira eta beraien kontsumoetaz hausnartzen hasten dira, hauekiko duten erantzukizuna onartuz. Ez dezagun ahaztu, azkenean beraiek erabakitzen dutela drogak kontsumitu ala ez.
Minutu eta erdi pasatxo irauten duen tabakoari buruzko bideo bat besterik izan ez arren, material zehatz honek eragin handia izaten du gazteengan eta beraien tabako kontsumoaz pentsatzera bultzatzen ditu.
Bere iraupenagatik baliabide ezin hobea da esparru ezberdinetan gauzatzen diren esku hartzeetan lantzeko, eta gure ustez, bereziki egokia da gaztetxoenekin erabiltzeko, adin hauetan kontsumo esperimentalekin hasten baitira. Bideo honek erretzen hastea amarru bat baino ez dela konturatzen laguntzen die, tabako-enpresa handien jomugan daudela eta hauek beraien adimena eta irizpide ona zalantzan jartzen dutela konturatzen direlako.
Bideo hau “Les Droits des Non-Fumeurs” frantziar elkarteak kaleratutako tabakoaren aurkako kanpainetako bat da.