Alkohola, noraino heldu nahi duzu?
Etorkintza Elkargoan eragile prebentibo garrantzitsuena eta eraginkorrena komunitatea dela uste dugu eta hori dela eta, kalitatezko lan bat burutu ahal izateko, komunitatea kontuan izatea ezinbestekoa dela uste dugu.
Gure esku hatze prebentiboetan beti ahalegintzen gara hiritarrak inplikatzen, esku hartze hauek erkidegoari zuzenduta ez ezik, berarekin pentsatuta ere egon daitezan, gure ustez, prebentzio komunitarioan lanean aritzeak ez baitu zentzu larregirik komunitatearen partaidetzarik gabe.
Gure filosofia hau kontuan izanda, eta egun hauetan bizi ditugun Bilboko jaien testuinguruan, lan komunitario serioa eta interesgarria egiteko aukera paregabea genuela ikusi genuen eta arrazoi horregatik, Bilboko Konpartsekin elkarlanean aritzeko sortu zitzaigun aukera aprobetxatu genuen.
Aste Nagusian jendea kontsumo arduratsuei eta arriskuen murrizketari buruz kontzientziatzeko, Etorkintza Elkargoa eta Bilboko Konpartsak, prebentzio-proiektu bateratu bat garatzeko elkarlanean aritu izan gara apiriletik hona.
Hausnarketa bateratua egin ondoren bakoitzak gure esperientzia eskaini genuen: Bilboko Konpartsek ibilbide oso luzea dute jai giroan eta aisialdiaren esparruan eta gainera, jende askorengana heltzen dira, kopuru aldetik eta baita profilen aniztasun aldetik ere -gaztetxoenetatik hasita nagusienerarte-; guk, gure aldetik, urte askotako esperientzia dugu kontsumoen eta prebentzio komunitarioaren esparruan.
Proiektu honen emaitzak hauek izan dira:
1.- Larriadi egoeren aurrean (intoxikazio etiliko bat adibidez), zelan jokatu behar dugun jakiteko protokoloa. Protokolo hau konpartsakideei zuzenduta dago eta larrialdietarako lehen sorospenak biltzen dituen materiala izango da.
2.- Txosnetara hurbiltzen diren guztientzat eskuragarri egongo den gidatxoa.
Gida honek alkoholak izan ditzakeen arriskuen kudeaketari eta prebentzioari buruz hitz egiten du eta honako filosofia du:
- “Drogak beti egon dira, oraindik egon badaude eta etorkizunean ere hor izango ditugu; ez dira txarrak, ezta onak ere”.
- “Substantziak berez ez dira arazoa; beraiekin egiten ditugun zenbait erabilera bai izan daitezke arazoa ordea”.
- “Pertsonalki zein kolektiboki drogekin bizitzen ikastea da gure helburua, baina droga-menpekotasunik gabe”.
Aurton, Bilboko Konpartsekin lan egiten dugun lehen urtea den arren, dudarik gabe ez da azkena izango, eta hurrengo urteetan ere lan-ildo honetan arituko gara elkarlanean beraiekin.