Droga-politika eraginkorragoen bila
Droga-Politiken Batzorde Orokorrak irailaren 9an drogei buruzko txosten berria eta iraultzailea kaleratu zuen: Como asumir el control: distintas vías hacia políticas de drogas eficaces.
Batzorde hau munduko lider ospetsuek osatuta dago, Kofi Annan, Richard Branson, George Papandreou edo Mario Vargas Llosa bezalako nazioarteko pertsona famatu eta hainbat herrialdeko lehendakari ohiek.
Txosten honek batzordekideen iritziak islatzen ditu eta drogen aurkako borrokan norabide aldaketa bat eskatzen du. Batzordeak jarrera oso kritikoa du politika zigortzaileekin, osasuna lehenesten duen ikuspuntua defendatzen du eta, lehenengo aldiz, Nazio Batuen Erakundeari drogen kontsumoa despenalizatzea eta erregulazioa bultzatzea exijitzen dio.
Droga-Politiken Batzorde Orokorraren 43 orrialdeko txosten honek “drogen aurkako gerra” bezala ezagutzen denaren porrota gogor salatu du eta giza-eskubideak eta osasuna lehenesten duten estrategia berriak behar direla argudiatzen du. 2016. urtean Nazio Batuek drogei buruz antolatuko duten saio bereziak, mundu osoan gai honi ekiteko moduan erabateko aldaketa suposatu behar duela azpimarratu du.
Batzorde Orokorrak argi du bere proposamenak polemikoak direla eta errefusa sortuko dutela, baina, hala ere, Gobernuek kontsumitzaileen kriminalizazioa baztertu eta drogen merkatua arautu behar dutela ikusten dute, substantziokin trafikatzen dutenen aberaste ikaragarria galarazteko. Era berean, politika irmoak defendatzen dituzten burokraziekin eta komunikabide askoren sentsazionalismoarekin kontu handia izan behar dugula adierazten du eta “zero tolerantzia” edo “droga gabeko gizartea” bezalako kontzeptuek tranpa hutsak direla uste du.
Txostenean oinarrizko zazpi gomendio egiten dira:
- Osasun eta segurtasun komunitarioari lehentasuna eman, politiken lehentasunak eta baliabideak norabide honetan zuzenduz.
- Oinarrizko sendagaien eskuragarritasuna bermatu, bereziki, mina tratatzeko erabiltzen diren opiotik eratorritako sendagaiena.
- Drogak edukitzea eta hartzea ez zigortzea.
- Drogen legez kanpoko merkatuan parte hartzen duten maila behereneko pertsona ez bortitzen espetxeratzeri beste alternatiba batzuk bilatzea (nekazariak, mandoak eta legez kanpoko drogen produkzioan, garraioan eta salmentan inplikatutakoak).
- Erakunde kriminalen boterea murriztea, eta baita hauen ondorioz sortzen den segurtasun eza eta biolentzia ere.
- Gaur egun oraindik legez kanpokoak diren drogen merkatuak legeztatzeko eta arautzeko saiakuntzei baimena eta adorea ematea, kanabisarekin, koka-hostoekin eta substantzia psikoaktibo berri batzuekin hasita, baina hauetara soilik murriztu gabe.
- 2016. urtean ospatuko den UNGASS-ak eskaintzen duen aukera paregabea aprobetxatzea droga-politiken nazioarteko erregimena erreformatzeko.